XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Hesitu egin genuen erabat asentamendua, zakurrak zaindari jarri eta zaintza zerbitzua antolatu.

Kontzentrazio esparruen itxura zuen hark.

Hedabideetan oihartzun handia izan zuen gure istorioak: exotikoak ginen munduarentzat, erriflea bizkarrean eta zakurra ondoan genituela ibiltzen ginen estremistak.

Bi urtera, 1977an, Israelgo Gobernuak oniritzi ofiziala eman zion Maaleh Adumimeko asentamenduari eta 1979an udalerri bilakatu zen.

Estatus hori hartu zuen Lurralde Okupatuetako lehen kokagune judua izan zen.

1982an jatorrizko lekua utzi eta gaur egun herria dagoen muinora mugitu zuten asentamendua.

Geroztik, hazi besterik ez da egin.

Baina ez berez.

- Gogor egin genuen lan asentamendua sendotzeko.

Azkar jokatu behar zen, jendea erakarriz eta bizkor eraikiz.

Hona etortzen zen familia bakoitzak beste bi ekartzeko betebeharra zuen.

Israelgo bikote gazteak dira gehiengo Maaleh Adumimen, baina azken aldian etorkin berri ugari heldu da, Sobiet Batasun ohitik gehienbat.

Horman elkarren ondoan dituen sei argazki erakutsi dizkit Shimonek, alde egiteko asmoa azaldu diodanean.

Helikopteroz-edo ateratako argazkiak dira, denak lur eremu berari, orain Maaleh Adumimek hartzen duen muinoari.

Basamortu hutsa oasi populatu bihurtzen ikusi dut.

Palestinar itxurako kale-garbitzailea topatu dut bidegurutze bakarti batean, Jerusalemera itzultzeko autobus geltokirantz noala.

- Ingelesez badakizu? galdera derrigorrezkoa.